Gailurretik dagoen ikuspegiaz gozatu. Ondotik, ibilaldia segitu, baina beste aldetik joanez. Gurutzearen eskuinaldetik pasatu, eta jaisten hasi. Kontuz ibili lehen jaitsiera zatian, aski zuta baita. Arroka pareta baten ezkerretik joan eta arroka mokor altuen artetik doan bidexkatik segitu. Lepo batera daraman soropila jaitsi. Kabalendako korrale baten eskuinetik pasatu, eta arras ongi ageri den bidexkatik joan, mendi mazelatik. Elorri zuriz beteriko eta muino belartsu baterantz jaisten den eremua zeharkatu. Jaisten segitu, bide batera iristeko. Eskuinetik jarraitu, Zuharretako lepora iritsi arte.