5 zk. mugarriak seinalatzen duen lepoan (360 m), eskuineko bide zabalari kasurik ez egin, parean den mugako bidexka zuta segitzeko, zuhaitzen bazterretik igotzen dena. Patarraren tontorrean (6 zk. mugarria), Larrunerako eta Ibantelirako ikuspegi ederra aurkitzen dugu. Azal arrokatsuen eskuinetik pasatzen da bidexka, arrokan zizelkatua, eta berriz tontor-lerroaren ezkerretik, lepo belartsu batera heltzeko (465 m). Lehen elorri zuritik, tontor-lerroa utzi ezkerrera joanez, bidexka berri baten abiapuntua topatzeko. Luzaz isurialde mazelan iraganen da, Ihilepora iritsi arte.